Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko 125 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez.

Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herria luze-zabal zeharkatuko dute, Maulen hasi eta Getxo helmuga hartuta. Hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak…


Era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko.


HELBURUAK ETA BALOREAK

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.

Horrenbestez, honakoak dira proiektuaren helburu garrantzitsuenak:

  • Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.
  • Gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea.
  • Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.

Bestalde, EuskarAbentura esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lanketa:

  • Parekidetasuna
  • Bizikidetza
  • Ardura, autonomia
  • Bizi-ohitura osasuntsuak
  • Ingurumenarekiko begirunea
  • Turismo eredu jasangarria