Bigarren urtez, Donostiako Udalak harrera goxoa egin digu gaur goizean. Eneko Goia alkateak esandako hitzak gogoan gosaldu dugu bertan: «euskara da guztiok batzen gaituen haria», ez dezala etenik izan!

Zarautzera heltzean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiria, Miren Dobaran HPSko sailburuordeak eta Zarautzeko Udaleko Jexux Araba alkate ordeak eta hainbat zinegotzik harrera egin digute.

Itsasoan bainu azkarra hartuta, gure hotelera abiatu gara, Orokieta eskolara. Bertan Gari Otamendi eta Oier Araolaza dantzariak zain genituen «Korrotik pikutara» hitzaldi dantzatua eskaintzeko. Telmo Esnal «Dantza» filmeko zuzendaria ere bertan zegoen. Hain zuzen ere, bere filmaren proiekzioaren aurretik solasalditxoa eskaini digu gauean.

  • Argazkiak: Mirian Alonso