Uztailaren 11tik 12ra bitarteko gaua mila izarreko hotelean igaro dute jzioquitarrek, Gesaltzako igerilekuko belardian zabaldu baitzituzten bart esterak eta lo-zakuak, astronomia tailerra egiteko lokartu aurretik. Eguna argitzearekin batera jaiki dira, beraz.
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politika sailburuarekin, Agurtxane Llanos Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzedariarekin eta Juan Carlos Medina Martinez Añana-Gesaltzako alkatearekin hitzordua izan dute goizean goiz, eta hauen agurra jaso ostean ekin diote 19 kilometroko etapari, EuskarAbentura 2019 espedizioko 12.a.
Ibilbide laua izan da gaurkoa; gari-, garagar- nahiz ekilore-soroz inguratua, baina errepide gainekoa neurri handi batean eta, beraz, beroa erruz sufritu dute taldekideek.
Argantzun herrira iritsi bezain pronto, ibaian freskatu dira frontoian bazkaldu aurretik. Arratsalde mamitsua zetorkien: Argantzon Ikastola bisitatu dute lehenik, 2003 urtean 11 umerekin abiatutakoa eta Argantzun nahiz Trebiñu euskalduntzeko lanean segitzen duena. Bisitak, bide batez, Trebiñuko egoera soziolinguistikoa ulertzeko balio izan die jzioquitarrei.
Ondoren, herriko frontoian, Kolore Guztietako Basoak elkarteko Utzi Goiti adituaren solasaldia jaso dute, oihangintzaren ingurukoa eta, oro har, Euskal Herriko baso-paisaiak jasan dituen eta jasaten ari den aldaketen ingurukoa.

  • Egilea: Mirian Alonso