EuskarAbentura comienza su andadura
2018ko uztailean Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatuko dituen espedizio gaztea aurkeztu du EuskarAbentura elkarteak. Done Jakue bideak jarraituz eta Unescok izendatutako gizateriaren ondareetatik igaroaz, 16-17 urteko 120 gaztek esperientzia ahaztezina biziko dute datorren udan.
Ruta Quetzal izandakoak inspiratuta jaio da EuskarAbentura egitasmoa 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei dago zuzendua, hau da, 2001-2002 urtean jaiotakoei. EuskarAbenturako kide den Irati Labaienek adierazi bezala, adin-tarte hau da, batez ere “gauzak deskubritzen eta heldutasunean definituko gaituzten esperientziak bizitzen ditugun momentua. Gainera gazte garaian harreman berri asko egiten dira eta oso garrantzitsua da harreman horietako hizkuntza ohituretan eragitea”.
Euskal Herriko 7 herrialdetako eta diasporako gazteek osatuko dute espedizio taldea. Euskaraz dakien edozein gaztek hartu dezake parte, edozein duelarik jatorria. Ez da matrikula-kuotarik ordaindu beharko.
Espedizioa uztailaren 1ean abiatuko da Mauletik, Done Jakue bidearen ibilbide Frantsesa jarraituz, Donibane Garazi eta Iruñatik igaro eta Vianaraino. Bertatik autobus batek Donemiliaga Kukulara eramango ditu abenturazaleak. Bertan orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izango dituzte. Hain zuzen ere, bertan agertutako esaldietako bat- jizioqui dugu– da EuskarAbenturaren aurkezpen gutuna, Iker Goñik azaldu bezala “glosak ezagutzera emateaz gain egitasmoaren izpirituarekin oso bat datorrelako: piztuko dugu; bidea piztu, hizkuntza piztu, etorkizun diren gazteak piztu”.
Donemiliagatik Añana Gatzagara igo eta Barnealdeko bidea kontrako norabidean egingo da Iruneraino. Trenez Baionara igo eta handik Kostaldeko ibilbidetik jarraituko da, Kantauri kostalde guztia zeharkatuz, Getxoko Bizkaia zubian amaitzeko, uztailaren 31n. Espedizioa Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatutako gizateriaren ondare guztietatik pasako da: Done Jakue bidea, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiako zubia.
Parte hartzeko izen-emate inprimakia betetzearekin batera gazteek motibazio gutuna eta lan bat bidali beharko dituzte. Lana egiteko hiru gai orokor daude aukeran, era librean landu ahal direnak: Euskara & zure herria, Euskara & emakumeak eta Euskara & itsasoa. Goñik azpimarratu bezala “talentu ezberdineko gazteak erakartzeko” asmoz, elkarteak bost motako lanak jasoko ditu: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala eta ikus-entzunezkoa. Izen-emate eta lanen bidalketa www.euskarabentura.eus webgunearen bitartez egingo da eta horretarako epea martxoaren 18an bukatuko da. Lanak Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta lan onenen egileek espedizio-beka lortuko dute. Apirilaren 16an argitaratuko da abenturan parte hartuko duten 120 gazteen zerrenda.
Euskal Herriko txoko desberdinetako hamaika lagunek osatzen dute EuskarAbenturaren talde sustatzailea. Euskararen normalizazioan eragiteko helburuz ekin zioten lanari “gazteen artean euskararen erabileran eragiteko gure aletxoa jartzeko borondatez” Iker Goñikzehaztu bezala. “Eta egikaritzeko aukeratutako unea ez da edozein. Izan ere 2018a Euskaraldiaren urtea izango da, kointzidentzia ezin hobea, EuskarAbenturak hiztun gazteen aktibazioan bete-betean eragin nahi duelako” gaineratu du Goñik. Horrez gain, EuskarAbenturak baditu beste helburu batzuk: euskal lurraldearen ezagutzan sakontzea, gazte euskaldunen sarea osatzea eta, antolatzaileen ustez, positiboak diren zeharkako beste balio batzuk transmitizea; hala nola, bizikidetza, ingurumenaren errespetua, genero berdintasuna, bizi ohitura osasuntsuak… Eta, batez ere, gazte horiek, bakoitza bere inguruan, abenturan zehar jasotako guztiaren zabaltzaile eta eragile izatea. Aipatu helburuak erdiesteko protokolo desberdinak jarriko dira martxan.
Compartir en Facebook Compartir en Twitter