Uztailaren 17an, Tolosa atzean utzi eta bigarrenez Nafarroa Garaian sartzeko asmoz abiatu zen EuskarAbentura espedizioa. Tolosatik Oiartzunera arteko tartea autobusez egin zuten, bertatik ekin zioten oinezko bideari, Lesakarantz. Baina, 10 kilometro osatu orduko, beroa jasanezina zen jada, eta kideek etapa bertan behera uztea erabaki zuten, San Anton baselizaren parean. Autobusez eta furgonetaz jaitsi zituzten gaztek Lesakako frontoira, eta bertan igaroko zuten hurrengo eguna ere, geldirik; pilotaleku barruan eta herriko igerilekuan, ahalik eta freskoen egoteko. 

Dena dela, bisita interesgarriak jaso zituzten bi egun horietan. Hilaren 17an, esate baterako, Antton Telleria batu zitzaien, sorpresaz, gaubelara. Eta hurrengo egunean, hilaren 18an, Iñigo Martinez pentsalariarekin izan zuten saioa, ‘Mandamendu hipermodernoak: egungo inertziak zalantzan jartzen’ liburuaren egilearekin. Gure aroa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Martinezek eta, horretarako, inkontzienteki geureganatu ditugun aginduak bilatu eta definitzen ditu: bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez, ez hartu maitasun konpromisorik, izan zoriontsu, bilatu berriena… Horrela, 19 mandamenduren zerrenda osatu arte. Garai likidoa, kontsumoaren gizartea, globalizazioa, informazioaren, sarearen edo errendimenduaren jendarteaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ziren jzioquitarrak.  Arratsaldearen azken partean, bestalde, autobusez lekualdatuko ziren Zugarramurdira.

Uztailaren 19an, tenperatura jaistearekin batera, bideari ekin diote berriro ere espediziokideek, eta Zugarramurdi eta Amaiur arteko 20 kilometroak oinez osatu dituzte. Eguerdi partera iritsi dira etaparen helmugara eta, beraz, Amaiurko Gazteluaren sitioaren 500. urteurrenean bertan izan dira jzioquitarrak.

Bazkalostean, gazteluaren hondarretara igo dira eta, monolitoaren aurrean eserita, Asisko Urmeneta ilustratzailearen ahotik entzun dituzte Nafarroaren eta Euskal Herriaren historian mugarri izan ziren gertakari haien gakoak. Talde argazkia ere atera duten, egun berezi honen oroigarri gisa.