Atzokoa, Donibane Garazira artekoa, izan zen Ipar Euskal Herriko azken etapa.

Gaurkoan, Ibañetako mendatean gora, autobusez heldu da Euskarabentura 2022 espedizioa Nafarroa Garaira. Orreagako kolegiata bisitatuko dute lehenik, hirugarren urtez EuskarAbenturan parte hartzeko zalantzarik izan ez duen Asisko Urmeneta ilustrazailearekin batera. Nafarroaren eta Euskal Herriaren iraganari buruzko errelatoak, tradizioak eta sinbologia deseraikitzen aritu dira Urmenetarekin, eta aholku bat luzatu die komikigileak: “Kuestionatu, beti!”

Solasaldiaren ostean, Sorginaritzagako basoan barrena Auritzerantz oinez abiatu dira jzioquitarrak, eta bertan jaso dute espedizioko aurreneko harrera instituzionala: Josepe Irigarai alkateak eta Mikel Arregi Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak hartu dituzte.

Irigaraik ongietorria eman die, Auritzen “etxean bezala” senti daitezen nahi duela adierazi die, eta esker oneko hitzak ere izan ditu: “Eskerrik asko beste behin Auritz aukeratzeagatik zuen bidean geldialdia egiteko. Gozatu esperientziaz, eta gozatu gure ingurumenaz ere!”

Euskarabidearen izenean, Mikel Arregi zuzendariak poza adierazi du bi urte konplikaturen ostean espedizioa “bizirik” sentitzen duelako eta halako gazte euskaldun talde handia saretuta ikustea “ederra” delako. Zentzu horretan, EuskarAbentura elkarteak eta espedizioaren atzean dagoen lantaldeak sorreratik gaur arte egin duen lana txalotu du: “Benetan zoriontzekoa da erakusten duzuen gogoa eta gazte hauen artean euskararen erabilera sustatzeko egiten duzuen ahalegina”.

Bihar, uztailak 6, Erroko mendatea gaindituta, Zubirirainoko bidea osatuko dute jzioquitarrek. 20 bat kilometro izango dira.

Uztailaren 7an, eguerdi aldera iritsiko dira Iruñera, sanfermin egunez. Urtero bezala, Nafarroa Oinez-eko lagunen txosnan bazkalduko dute, eta erromeria egingo dute gero.