Datorren uztailaren 1ean EuskarAbentura 2022 espedizioa martxan jartzearekin batera berrabiaratuko da EuskarAbentura elkarteak esku artean duen ikerketa soziolinguistikoa.

2021eko espedizioan egin genuen aurreneko behaketa-aldia eta, beraz, iazko jzioquitarrak izan ziren lehendabiziko lagina.

Aurten esperientzia errepikatzera goaz, eta berriz ere EuskarAbentura elkarteko kide bat arduratuko da uztailan, espedizioak iraun bitarte, gazteen hizkuntza-ohiturak behatzeaz. Horrez gain, jzioquitarrei euskaraz aritzeko autokonfiantzaz eta hizkuntza-ideologiaz galdetuko diegu, besteak beste. Erantzunak espedizioren hasieran zein amaieran eta ostean jasoko ditugu.

EuskarAbentura elkartea bera, eta Euskal Herriko Unibertsitateko nahiz Soziolinguistika Klusterreko ikerlari-taldea arduratuko dira jasotako informazio guztia interpretatzeaz eta datu zein ondorioetan islatzeaz.

 

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak babestutako ikerketa sozionlinguistikoa da hau eta 2021eko esperientziatik pozik egoteko moduko 2 ideia borobil ondorioztatu dira:

1.- Hizkuntza mudantza prozesuak azkartzeko EuskarAbenturak baldintza sozial “idealak” eskaintzen ditu: gune linguistikoki zainduak izenekoak. Arnasguneetan ez bezala, espazio hauetan euskaldun profil anitzagoak topatzen ditugu eta hizkuntza-alternantza edota hizkera informala ohikoagoak dira.

2.- EuskarAbenturak euskararen aldeko hizkuntza mudantzak eragiten ditu gazteengan. Mudantza horiek, hizkuntza ohituretan ez ezik, gaitasunean eta honen pertzepzioan, kultura kontsumoan, autokonfiantza linguistikoan edota ideologia linguistikoan gertatzen diren aldaketetan somatzen dira.

 

Eta, gainera, hainbat datu esanguratsuk animatzen gaituzte bide beretik segitzera:

GAITASUNAri dagokionez:
* Partaideen %63k euskaraz aritzeko gaitasuna hobetu izanaren pertzeptzioa izan zuten
* Euskaraz erdaraz bezain ondo edo hobeto moldatzen direnen kopurua %8 hazi zen (%86 orotara)


ERABILERAri dagokionez:
* Espedizioan, elkarrizketen %89 euskaraz izan ziren
* %6 hazi zen euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenen kopurua (%73 orortara)


AUTOKONFIANTZAri dagokionez:
* Bikoiztu egin zen euskaraz hitz egiten bere burua “eroso” sentitzen dutenen kopurua


KULTURA KONTSUMOAri dagokionez: 
* %24 igo zen eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dituztela esan dutenen kopurua
* %17 igo zen sare sozialetan euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago aritzen direla esan dutenen kopurua


KONTZIENTZIAri dagokionez:
* %20 hazi zen euskara bere hizkuntza gisa definitzen duten partaideen kopurua