EuskarAbentura 2019: Donibane Garazi –> Orreaga –> Auritz

Gaua Donibane Garazin pasatu ostean, Nafarroa Garaian sartu da EuskarAbentura 2019 espedizioa. Autobusez abiatu dira, eta lehendabiziko geldialdia Orreagan egin dute; Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria zuten bertan zain, ongietorria emateko. Ondoren, Kolegiata Asisko Urmeneta ilustratzailearen gidaritzapean bisitatu dute: “Kontatu ez diguten historia kontatu nahi diet; eta aholku bat: ez sinetsi ipuinak, kuestionatu beti”. Hiru kilometro oinez egin ostean,  arratsaldeko lehen orduan espedizioa Auritzera iritsi da. Herriko frontoian motxilak utzi, bazkaldu eta ibai aldera mugitu dira 121 gazteak eta hauekin batera ibilbidea osatzen ari diren ‘urdinak’ ere. Bainu freskagarria hartu dute han, eta, segidan, herriko plazara itzulita, Joxepe alkatearekin bildu dira. Azken honek herriko gune interesgarrienak ezagutarazteko itzuli gidatua eskaini die. Eguna ‘Gartxot’ filmaren proiekzioarekin borobildu du taldeak, Aurizko frontoian bertan. Bihar 19 kilometroko etapa egingo dute, Zubiriraino. Egilea: Mirian Alonso

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude