798 kilometro eta zenbatu ezinezko bizipenak begi aurrean, piztu da EuskarAbentura 2019 espedizioa!

121 parte-hartzaileak hiriburuetatik atera diren autobusetan iritsi dira, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik, Maulera. Zuberoako hiriburua baita EuskarAbentura 2019 espedizioaren abiapuntua. Bertako JaiAlaien pasako dituzte gaurko harrera-eguna eta gaua, eta Pagolarantz abiatuko dira bihar.

  • Smartphonetan deskargatzeko aplikazioa eta Belaunaldi Arteko Egunak dira aurtengo ekitaldiak dakartzan berrikuntza nabarmenenak.

Hasi da! EuskarAbentura 2019 espedizioa martxan da! Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 121 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duten xerpa-, osasun-, komunikazio-, nahiz logistika-taldeko 25 lagunak Maulen elkartu dira eguerdian. Harrera labur baten ostean, neska-mutilak taldeka multzokatu dituzte eta, hilabete oso batean zehar erreferentziazkotzat izango duten xerparekin (begiralea) batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin dute. Bazkalostean, aldiz, espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso dute. Arratsaldean Mauleko Alkateak hartu ditu herriko plazan, eta talde-argazkia egin dute azken honekin. Gaua JaiAlaien pasako dute eta bihar, goizean goiz, bideari ekingo diote oinez.

Datozen egunetako aurreneko etapa hauek (Maule–Pagola, uztailak 2; Pagola–Jutsi, uztailak 3; Jutsi–Garazi, uztailak 4) 15, 8 eta 25 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak izatea, hain justu, lehenengoak direlako. Jzioquitarrek zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izango dute, bai eta taldea trinkotzeko ere.

Gogoratu EuskarAbentura 2019 espedizioko ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten duela aurrera: bide frantsesa Mauletik Vianaraino, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruneraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino.

Bideak berak oparituko duenaz aparte, honakoak dira datozen egunetako interes(g)une azpimarragarrienak:

Jurako Tropa taldearen kontzertua. Uztailak 2, Pagola. 18:00-19:30.
Tertuliak Ipar Euskal Herri barnealdean bizi eta lan egiten duten hainbat gazterekin. Tartean, Joana Hoki (Azia Elkartea) eta Kaiet Barberarena (Euskal Laborarien Batasuna). Uztailak 3, Jutsi. 16:00-19:30.
Soziolinguistika tailer ibiltaria Donibane Garaziko karriketan barrena, Xan Aire dibulgatzailearen eta Garaziko Gaztetxeko gazteen konpainian. Euskarak Pirinio magalean arnasten duen giroa bertatik bertara ezagutzeko balio izango duen behaketa-saio aktiboa. Uztailak 4, Donibane Garazi. 15:00-17:00.
‘Gartxot’ filmaren proiekzioa. Uztailak 4, Donibane Garazi. 18:00–19:30.

 SMARTPHONETAN DESKARGATZEKO ‘EUSKARABENTURA’ APLIKAZIOA

Espedizioa lehen pertsonan bizi ezin baina gertutik jarraitu nahi dutenentzat tresna baliagarria izango da ‘Euskarabentura’ aplikazioa. Codesyntax enpresa hornitzaileak garatu du, eta Android nahiz iOS sistemetarako erabilgarri dago jada.

Batetik, espedizioa unean-unean eta mapa baten gainean proiektatuta geolokalizatuko du. Bestetik, etapa bakoitzaren xehetasun teknikoak (kilometro kopurua, gainbehera, puntu garaiena nahiz baxuena, profila, zeharkatzen dituen herriak… etab.) jasoko ditu. Jzioquitarrek espedizioak iraun bitarte egin nahiz grabatutako argazki eta bideoak ere erakutsiko ditu, arian-arian eta geolokalizatuta. Gainera, parte-hartzaile guztiei buruzko aurkezpen labur bana eta zenbait bitxikeria biltzen dituzten profil-fitxak ere izango dira ‘Euskarabentura’ aplikazio honetan ikusgai.

Codesyntax enpresa hornitzaileak garatu du Ionic kode irekiko framework indartsua baliatuz. Azken honek web aplikazio hibridoak (Android nahiz iOS sistemetarako) garatzeko balio du, eta HTML5, CSS3 edota JS moduko web teknologiak darabiltza.

Deskargatu EUSKARABENTURA APPa hemen

BELAUNALDI ARTEKO EGUNAK

Neska-mutil euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea da EuskarAbentura egitasmoaren helburu garrantzitsuenetako bat. Eta hain justu horretarako ekarriko ditugu Belaunaldi Arteko Egunak: iazkoak eta aurtengoak nahasteko, eta harremanetan jartzeko. Horrenbestez, uztailaren 7an eta 24an, EuskarAbentura espedizioko bi edizioetako gazteek elkar ezagutu eta eguna elkarrekin pasatzeko aukera bana izango dute.

Uztailaren 7ko egunera batzeko elkargunea Zubiriko frontoi ondoko parkinga izango da, goizeko 9:00etan. Handik abiatuta, Iruñara bitarteko 23 kilometroak izango dituzte hartuemana egiteko, esperientziak partekatzeko, elkarri galderak luzatzeko eta, nahi izanez gero, kontaktua gal ez dezaten elkarri helbide eta telefonoak emateko! Nafarroako hiriburura iritsita, arratsalderako aurreikusitako ekintzetan ere denek batera hartuko dute parte, harik eta egunaren amaieran 2018ko jzioquitar ‘beteranoek’ espedizioa utzi eta euren etxeetara itzuliko diren arte.

Uztailaren 24ko dinamika ere berbera izango da. Belaunaldi Arteko bigarren egun honetan parte hartu nahi duten gazteek goizeko 9:00etan dute hitzordua, kasu honetan Donostiako udaletxeko eskaileren aurrean, Alderdi Eder plazan. 2018ko eta 2019ko jzioquitarrek bigarren aukera bat dute, beraz, elkar harilkatzeko eta sarea sendotzeko. Honako hau 22 kilometroko etapa izango da, kostaldekoa, Gipuzkoako hiriburutik Zarautzerainokoa. Zarautzerako prestatutako egitaraua burututa, ‘beteranoek’ espedizioa utzi beharko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude