Body Percussion Performancea Bilbon, Elur Arrietak gidatuta

Uztailaren 30ean Bizkaiko hiriburura iritsiko da EuskarAbentura 2019. Baina, espedizioaren azken hondarrak izanagatik, jzioquitarrak ez dira erdizka arituko bertan. Bai zera! Hain justu abenturaren amaieraren bezperan, hilabete osoko ekintza ikusgarrienetakoa egingo dute: Body Percussion Performancea.

Gorputza (beso eta eskuak, ahoa, zangoak…) instrumentu gisa erabilita soinuak sortu (txaloak, txistuak, pausoak…) eta hauek konbinatzean datza Body Percussion, melodia bati forma emanez. Honi koreografia gehitu dakioke, edo bederen talde-mugimendu koordinatuak, eta halaxe Body Percussion Performancea lortu.

Horrenbestez, uztailaren 30ean, Bilbon, EuskarAbentura 2019ko espedizio-kideek diziplina honetan trebatzeko aukera izango dute. Tailer bat lehenik, ikasteko; eta erakustaldia gero!
Maisu ezin hobea edukiko dute horretarako: Elur Arrieta.

ELUR ARRIETA

2008an goi mailako perkusio interprete lizentziatu titulua eskuratu zuen Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (Musikene) eta, orduz geroztik, ibilbide oparoa, dinamikoa eta askotarikoa marraztu du.

Batez ere herri musika, jazza, inprobisazioa, perkusio historikoa, bateria… izan dira bere formakuntza eta sortzailetza prozesuan ardatz.

Gaur egun, Mindfulness instruktorea da Baraka Osoko Psikologia Institutuan formakuntza jaso ostean, Leioako Kontserbatorioko irakasle, Ensemble Kuraiako partaide, eta MUSBIKA musika konpainiako sortzaile eta kide. Horrez gain, Euskadiko, Bilboko eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoekin egiten ditu kolaborazioak, eta baita beste hainbat talde profesionalekin ere.

MUSBIKA

Musikaren inguruko sentsibilizazioaren eta difusioaren alde lan egitea helburu duen musika konpainia da. Musikari lotutako hesi nahiz etiketak hautsi, eta arte hau txoko guztietara zabaltzeko nahiarekin lan eginaz, edonork musika estilo ororekin harritu eta gozatzeko aukera izan dezan bilatzen dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude