Tuteratik Washingtonera; EuskarAbentureroak prest!

Baionakoak, Aguraingoak, Tolosakoak, Lohitzune-Oihergikoak, Tafallakoak, Patagoniakoak, Bilbokoak edo Arrutakoak. Euskal Herriko eta diasporako hainbat txokotako gazteak elkartuko dira aurtengo uztailean burutuko den EuskarAbentura espedizioan. Hautagaitza aurkeztutako 140 gazteen artean lan onena egindakoek eta parte hartzeko motibazio handiena erakutsitakoek izango dute Euskal Herria hilabete oso batez eta jatorri ezberdinetako gazteekin zeharkatu eta deskubritzeko aukera.

EuskarAbentura elkarteak hasieratik markatutako helburura gerturatzea lortu du: EHko eskualde bakoitzeko biztanleriaren araberako gazteen presentzia espedizioan bermatzea. Talde abenturazale honen baitan Euskal Herriko probintzia guztietako eta diasporako ordezkariak egongo dira, euskalduntasun eta euskalki ezberdinak batuz. Taldearen gehiengoa, %45, bizkaitarra izango da, %22 nafarra, %18 Gipuzkoatik etorriko da, %11 jatorri arabarrekoa, diasporako bi gaztek hartuko dute parte eta Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorriko da. Eskualde euskaldunetatik datozen gazteak izango dira, baita zonalde ez hain euskaldunetakoak eta Atlantikoaz bestaldekoak ere; azken hauek Washingtongoak eta Patagoniakoak, hain zuzen ere.

Jatorri anitz, baita motibazio, talentu eta preferentzia ugari ere: hiri handietakoak edo beraien auzo txikia atseginago dutenak, dantzariak eta kirolariak, bibolin joleak, trikitilariak, zaldian ibiltzea gustoko dutenak, euskara egunerokoan darabiltenak eta horretarako hainbeste aukera izan ez eta gehiago erabiltzeko gogoa dutenak…

EuskarAbenturero izango direnek askotariko lanak bidali dituzte. Batzuek beraien talentu artistikoak artelanen bidez erakutsi dituzte. Esaterako, marinel euskaldunek Islandian topatu zituzten eragozpen legalak sinbolizatzen dituen grafiti estiloko akuarela batekin edo Elbira Zipitriaren erretratu bat eginez. Beste batzuek beraien familien erroetan sakontzeko ariketa egin dute eta beraien arbasoen bizimodua deskubritu, ulertu eta lan literario batean adierazi dute. Melodia ezagunen berrinterpretazioa edo, alderantziz, euskal poema baten musikatzea egitea erabaki izan duenik ere badago, eta batzuek bere abesti edo interpretazio instrumentala bideoklip batekin laguntzea erabaki dute. Gazteei mitologia asko interesatzen zaiela argi geratu da, baita hain fantasiazkoak izan ez ziren sorgin edo piratak; ipuinetan agertzen diren istorioen oinarri historikoan sakondu dute neska-mutil askok.

Egitasmo hau egin ahal izateko hainbat babesle eta laguntzaileren kolaborazioa ezinbestekoa da, hala nola, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, BBK, Euskaltel, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia, Getxoko udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta Jaso Fundazioa. Elkartearen helburua 120 gazteko espedizioa egitea da baina diru-laguntzen eta babeslegotzen menpe dagoen aurrekontu bat izanik, oraingoz 100 gazteren parte-hartzea baino ezin du bermatu antolatzaile taldeak. Hainbat diru-laguntzen ebazpenaren zain daude gaur egun eta esleipen hauek argitaratu arte elkarteak ezin izango du azken 20 horien espedizioa bermatu. Halaber, taldea baikorra da eta finantzaketaren ehuneko osoa lortuko duela uste du. 120 hautatuen zerrendatik kanpo geratu diren gazteak itxaron zerrenda batean sartuko dira; norbaitek bere plazari uko egingo balio, egin duten lanaren puntuaketaren arabera sartuko lirateke.

HONA HEMEN HAUTATUAKO 120 GAZTEEN ZERRENDA

Pentsamendu bat

Erantzun