ASTE BAT ORAINDIK – ZATOZ GUREKIN ESPEDIZIORA!

Bi aste geratzen dira oraindik 2018ko uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria osoa zeharkatuko duen espedizio gaztean izena-emateko. Bertan parte hartu nahi duten gazteek martxoaren 18ra arte daukate beraien motibazio gutuna eta lana bidaltzeko.

EuskarAbentura aurtengo uztailean zehar Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuko dituen espedizio gaztea izango da. Hilaren lehenengoan Mauletik abiatuko da Done Jakue bideak jarraituz, lurraldeko hiriburu guztietatik eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako toki guztietatik igaroz, Getxoko Bizkaia Zubian amaitzeko.

Espedizioa osatuko duten 120 gazteek Euskal Herriko historia, kultura, geografia eta errealitate linguistikoa gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita jatorri anitzeko beste gazte euskaldunak ezagutzeko ere. 2001-2002 urteetan jaiotako neska-mutilek izango dute esperientzia ahaztezin honetan parte hartzeko aukera.

Horretarako gazteek motibazio gutun bat eta banakako lan bat aurkeztu beharko dute. Azken hau egiteko hiru gai daude aukeran: Euskara&zure herria, Euskara&emakumeak eta Euskara&itsasoa. Lana lau formatu posibletan aurkeztu daiteke: historikoa, literarioa, plastikoa, ikus-entzunekoa edo musikala. Proiektuak  www.euskarabentura.eus webgunean aurkitzen den formularioaren bitartez bidali beharko dira martxoaren 18a baino lehen. Eusko Ikaskuntzaren laguntzari esker 120 parte-hartzaileak aukeratuko dira, eta haien egileek espedizioan parte hartzeko aukera izango dute, inolako izen-emate tasarik ordaindu behar izanik gabe. Espedizioan etortzeko hautatuak izan direnen zerrenda apirilaren 16an argitaratuko da.

Aldiz espedizioarekin batera begirale, mediku, fisioterapeuta, erizain, argazkilari eta gidari moduan etorri nahi dutenek lan eskaintzari buruzko informazio guztia webgunean topatuko dute.

Erantzun