EuskarAbentura espedizioa bihar, uztailak 31, bukatuko da Getxon. Goizeko 11:00ak inguru Bizkaia zubia zeharkatuko dute jzioquitarrek, gure lurraldean UNESCOk izendatutako Gizateriaren Ondareetatik bisitatzea falta zaien azkena. 12:30ean amaiera ekitaldia egingo da Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan. Gaur, uztailak 30, 18:00etan Bilboko Arriaga plazan gazteek taldeka sortutako lanak aurkeztuko dituzte.

EuskarAbentura izandakoa hitzez azaltzea ezinezkoa da, baina zenbakiek hurbilpen interesgarria eskaintzen digute: 783 kilometro, horietatik oinez 420tik gora, 110 gazte, 31 egun, 21 etapa, 12 xerpa, 11 talde (Apo armatuak, Antuxunak, Tximist, Yatarrak, Astokeitan, Organik-azioa, Kakalardoak, Ukelele gorringoak, Nomad tutukis, Deep purple, PinPanPun)  10 hodei (lan-taldeko beste kideak), dozenaka bidelagun eta milaka bizipen eta ilusio. Baita 1150 kg zabor. 

Denbora beharko da bisitako guztia barneratzeko eta ondo ebaluatzeko. Bien bitartean parte hartzaile zein elkartearen iritziz EuskarAbenturak aurreikuspenak gainditu ditu.

Uztailaren 1ean Maule Lextarretik abiatutako espedizioa azken kilometroak egitera doa. Done Jakue bide desberdinak jarraituz Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu ditu eta gaur azken hiriburura helduko da, Bilbora. Espedizioa larunbatean, uztailak 28, sartu zen Bizkaian, Markina-Xemeinera, zehazki. Udalak egindako harreran jakin zuen taldeak Euskal Herriko eskualde euskaldunenean zegoela;  Lea-Artibain euskararen ezagutza %90ekoa da eta erabilera %80koa. Ostean Zerutxo dantza taldeko zenbait kideren eskutik herriko Ezpatadantza eta Mahaigainekoa ikasi zituzten gazteek. Atzo, uztailak 29, abenturaren etaparik luzeena burutu zuten, 29 kilometrokoa. Bidean Omako Baso Margotua eta Gizateriaren Ondare den Santimamiñe kobazuloa bisitatu zituzten. Gernika-Lumora heltzerakoan euskara zinegotziaren harrera jaso zuten. Gaur Bilboruntz trenez abiatu baino lehen, Gernikako Juntetxea eta Arbola bisitatu dituzte.

Zeharkatutako lurralde bakoitzean euskarak bizi duen errealitatearen berri izan dute gazteek. Bizkaikoa Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguez soziolinguisten eskutik jaso zuten. Euskararen erabileran eragitea EuskarAbenturaren helburu nagusienetako bat izanda, soziolinguistika hitzaldiez gain, Euskaraldiko kideen bisitak ere izan dituzte eta dinamika desberdinak garatu dira. Besteak beste, hainbat egunez ahobizi rola hartzera animatu zaie gazteei, baita gazteleraz egiteko ohitura zuten jzioquitarra aukeratu eta harekin hizkuntza portaera aldatzeko gonbidapena luzatu ere. Arnasguneetako, gune mistoetako eta inguru erdaldunetako hiztunen inguruko talde gogoeta ere egin da. Gazte askok aitortu dutenez entzun eta bizitakoek “kontzientzia pizteko” balio izan diete eta asko ikasi dute besteen euskalki eta errealitateez. Beasaingo Uxue Arrese esaterako kezkatuta azaldu zen Nafarroako euskararen egoeraren berri izatean. Washingtongo Unai Fraeters hitz berri asko ikasi dituelako pozik dago, “etzi” adibidez, eta Baionako Lukas Nespriasek gogotsu azaldu dizkie lagunei bere euskalkian soilik erabiltzen diren hitzak; gaztearen ekimenez bere taldea  “apo armatuak” (dordoka) izenarekin bataiatu zuten, esaterako.

Gazteen arteko sareak sortzea ere bilatzen du EuskarAbenturak, eta aurrera begira jatorriaren araberako lurralde-oreka hobetzeke dagoen arren, sortutako sarearen indarra nabarmentzekoa da. Getxoko Haizea Sanchezen gogoeta horren adierazle argia da “antolakuntza: zuek badakizue zer sortu duzuen? Gure artean sortu den giro ezinhobea eta “piña” ikaragarria da!”. EuskarAbenturaren lehen edizioko jzioquitarren gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorria (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte banak hasi zuten abentura, nahiz eta baionarrak bakarrik bukatuko duen. Diasporako bi gazteak, Washingtongo Unai eta Viedmako (Patagonia) Imanol pozarren ibili dira. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil.

Euskal Herriko ondare material eta inmaterialaren ezagutzan sakontzea ere bilatuta, hilabetean zehar askotariko edukiak landu dira: kulturalak, historikoak, artistikoak, musikalak, kirol arlokoak, herri mugimenduekin lotura dutenak… Besteak beste, jzioquitarrek Kike Amonarrizekin, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariarekin, Aitor Arregi Handia pelikularen zuzendariarekin, Xabier Agote Albaola proiektuaren sortzailearekin, Asisko Urmeneta ilustratzailearekin (hiru aldiz), Paul Rios ikerlariarekin,  Pello Armendariz eta Iñigo Etxezarreta musikariekin, hurrenez hurren, Skakeitan eta ETS taldeko abeslariekin… egoteko aukera izan dute. Gaur 18:00etan Bilboko Arriaga plazan aurkeztuko duten sormen lanaren sorkuntzan Odei Barroso, Miren Amuriza, Ander Lipus, Ximun Fusch, Peter eta Kattalin Ansorena eta Myriam Perez izan dituzte bidaide. Esan beharra dago jzioquitar gehienek artista sena handia dutela, asko musikariak dira, dantzariak, poetak… eta oso sortzaileak. Horiek horrela, biharko amaiera ekitaldia gazteek eurek sortutako EuskarAbenturaren kantarekin itxiko da.

Horrekin batera interesgune anitz bisitatu dira: Ekainberri eta Santimamiñeko kobazuloak, Donemiliaga Kukulako Suso eta Yusoko monastegiak, Done Jakue bidea bera, Orreagako Kolegiata, Añanako Gatz Harana, Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal kostaldeko Geoparkea… Bihar azken Ondarea bisitatuko dute: Bizkaia zubia.

Era berean balore positiboak zeharka landu dira EuskarAbenturan, esaterako ingurumenarekiko errespetua eta zaintza. Hondakinen kudeaketa egunero mimo handiz zaindu da, zaborra ondo berezituz eta birziklatzeko dagokion ontzietara bideratuz. Egindako kontaketaren arabera, espedizioak guztira 1.150 kg zabor sortu du, honetatik %60 organikoa, %17 plastikoa, %15 papera eta kartoia eta %8 errefusa. Zabor organikoaren %40, plastikoaren %70 eta paperaren %90 zegokien zabor ontzietara bideratu da; batez beste sortutako hondakinen %50 ondo bideratu da. Birziklatzea espedizioaren lehentasuna izan da une oro, baina herri bakoitzak eskaintzen zuen azpiegituretara egokitu behar izan da.

Babak, lesioak, beroa, euria, lo falta, ziztadak, komun ataskatuak… denetarik gertatu da 31 egunetan baina ezer ez da oztopo izan bideaz gozatzeko, elkarrekin hazteko, aberasteko, ikasteko, familia handi bat sortzeko eta elkar maitatzeko. Denbora beharko da bisitako guztia barneratzeko eta ondo ebaluatzeko. Bien bitartean parte hartzaile zein elkartearen iritziz EuskarAbenturak aurreikuspenak aise gainditu ditu.

Orain dela 3 urte forma hartzen hasi zen ideia, batzuentzat harrikada edo zorakeria bazirudien ere, errealitate bihurtu da, lan askoren ostean eta proiektuan sinistu duten pertsona, erakunde eta babesleei esker: Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, BBK, Euskaltel,  Eusko Ikaskuntza, Jaso Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiak, igarotako herrietako udalak, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia… besteak beste.

Azken kilometro eta orduak, Bilbo eta Getxo artean

Bihar, uztailak 31, Getxon bukatu baino lehen, espedizioak Bilbo Handian igaroko ditu bere azken 24 orduak. Gaur eguerdian Gernikatik trenez iritsi da taldea Bilboko Atxuri geltokira. Handik Doña Casilda parkera abiatu da bazkaldu eta Bilboko Udalaren euskara zinegotziaren harrera jasotzeko. Bazkal ostean espedizioa Arriaga Antzokiaren aurrean dagoen plazara abiatuko da. Bertan prestatutako sormen lanak aurkeztuko dituzte gazteek, 18:00etatik aurrera, ikustera hurbildu nahi duen ororen gozamenerako. Espedizioaren azken afaria Uribitarteko Bilbao Berrikuntza Faktorian izango da Deustuko kiroldegian azken jaia egin eta lotara joan baino lehen.

Bihar, uztailak 31, azken Gizateriaren Ondarera abiatuko da espedizioa, Bizkaia Zubira. Portugaletetik Getxora pasa ondoren, 11:00ak aldera, familia argazkia egingo da 12:00etan. Jarraian, espedizioari bukaera emango dion amaiera ekitaldia egingo da, 12.30ean Andres Isasi Musika Eskolan.

2018ko EuskarAbentura espedizioak, lehen edizioak, argiz bete ditu bideak eta bihotzak. Jzioqui dugu!