Lau egun besterik ez dira geratzen hilaren 31n jazioquitarrak helmugara iristeko: Getxo. Donostialdea eta Urola Kosta zeharkatu ostean, Markina-Xemeinera ailegatuko dira gaur espedizio-kideak.

  • Datozen egunotan, besteak beste, Patri Espinar pilotariarekin eta Athletic Club-eko futbol jokalariekin egoteko aukera izango dute.
  • Soziolinguistika tailerra egingo dute Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguezen eskutik Bizkaiko errealitatera hurbiltzeko.
  • Iaz ez bezala, Gaztelugatxera igoko dira, eta gau bat pasatuko dute Bermeon.
  • Body Percussion Performancea egingo dute Bilboko kaleetan barrena, eta itsasontziz iritsiko dira Portugaletera, Bizkaia Zubi azpitik pasatuta. Amaiera ekitaldia hilaren 31ko eguerdian izango da, Getxoko Musikebarri aretoan.

Uztailaren 23an EuskarAbentura 2019 espedizioa bigarren aldiz sartu zen Gipuzkoan. Kasu honetan, gazteek Donostian egin zuten geldialdia, eta ondorengo hiru egunak Urola Kosta eskualdea zeharkatzen eman dituzte.

Gipuzkoako hiriburutik, hilaren 24an, sekulako energia dosia hartuta abiatu ziren jzioquitarrak, Donostiako Udalak bigarren urtez gosari oparoa eman baitzien udaletxean. Eneko Goia alkatea bera bertaratu zen eta espedizio-kideei azken txanpa honetan gogoan edukitzeko mezua helarazi zien: “Herri, testuinguru eta giro ezberdinetatik zatozten arren, bada guztiak saretzen zaituzten zerbait: euskara”. Igeldo mendia alderik alde zeharkatu, Orio atzean utzi eta bazkalordurako ailegatu zen EuskarAbentura taldea Zarautzera. Han ere harrera instituzionala zuten zain: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran HPSko sailburuordea eta Zarauzko Udaleko Jexux Araba alkateordea, baita hainbat zinegotzi ere. Guzti-guztiek azpimarratu zuten EuskarAbentura moduko esperientzia bizitzeko aukera pribilegio hutsa dela eta egun bakoitzari zukua ateratzea aholkatu zieten gazteei. Hondartzan bainu azkar bat hartu eta arrapaladan mugitu ziren Orokieta eskolara, bertan Gari Otamendi eta Oier Araolaza dantzariekin elkartzekoak baitziren. Azken hauek ‘Korrotik pikutara: euskal dantzaren historia dantzaren bidez kontatua’ saioa gidatu zuten, EuskarAbenturako neska-mutilekin batera euskaldunon dantzaeraren eboluzioa birpasatzeko. Eguna borobiltzeko, Telmo Esnal zuzendariaren ‘Dantza’ filma ikusi zuten Zarauzko Modelo Aretoan, Esnalen beraren sarrera-solasaldi baten ostean.
Uztailaren 24ko etapako argazki-galeria osoa HEMEN

Eta Zarauztik Debara. Etapa luze (22km), maldatsu eta ederra izan zen uztailaren 25ekoa. Txakoliñaren eta Flyschen lurraldean barrena gora eta behera mugitu baitziren abenturazale ibiltariak. Zarautz eta Getaria arteko kosta-pasealekua zeharkatu zuten lehenik, kresal-usainarekin gozatuz. Mahasti-paisaia etorri zen gero, jakina baita txakoliña dela Getariko erregiña! Azkenik, Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkeko ekialdeko muturrera iritsi ziren, eta itsasertzeko xendra jarraituz gozatu zuten milioika urteko historiaren lekukotzaz itsasoa eta lurra elkartzen direneko bazter eder honetan. Arratsaldeko 18:00ak pasatxo heldu ziren Debara, eta ekaitzak lehertu aurretik hondartzan bainu bat hartzeko aukera izan zuten.
Uztailaren 25eko etapako argazki-galeria osoa HEMEN

Atzokoa (uztailak 26) oinezko etaparik gabeko eguna izan zen. Espedizio-kideek Deba agurtu eta autobusez mugitu ziren Zestoara. Historiaurrea ezagutzen, ulertzen eta sentitzen eman zuten goiza Ekainberri Museoko lagunei esker. Gure arbasoen labar artea ezagutu zuten, baita praktikatu ere, eta sua egiteko nahiz ehizatzeko tailerretan trebatu ziren. Arratsaldean, ordea, yoga saioa egin zuten herriko frontoian, Bingen Esturo adituak gidatuta. Aipamen berezia merezi du, zentzu horretan, Zestoako Udalaren eskuzabaltasunak, frontoiaren eraberritzearen osteko aurreneko jarduera jendetsua izan baita yoga tailer hau eta jzioquitarren beraien presentzia, beste edozein kirol ekitaldi baino lehen.
Uztailaren 26ko etapako argazki-galeria osoa HEMEN

Gaurkoan Bizkaian sartuko da EuskarAbentura 2019; espedizio ibiltariak zeharkatuko duen zazpigarren euskal lurraldea. Eta azkena, hilaren 31ko eguerdian iritsiko baitira neska-mutilak helmugara. Uztailaren 27ko honetan, hasteko, Zestoatik Olatzera egingo dute jauzi autobusez; eta handik, oinez, Markina-Xemeinera arteko 16 kilometroak osatuko dituzte. Jada Bizkaian, beraz, Patri Espinar eskupilotariarekin batera, esku-pilota tailerra egingo dute frontoian. Eta zestapuntan aritzeko aukera ere izango dute, Irantzu Idoiaga jokalariarekin (iaz jzioquitar izandakoa) eta Xanti Olabe kantxazainarekin.

EuskarAbentura 2019 espedizioak Bizkaian emango dituen egunetarako aurreikusitako etapak eta hitzordu garrantzitsuenak honakoak dira, hurrenez hurren:

– Uztailak 27: Deba – Olatz – Markina-Xemein, 16km oinez.
– Uztailak 28: Markina – Gernika, 28 km oinez.
– Uztailak 29: Gernika – Bakio – Bermeo, 16km oinez.
– Uztailak 30: Bermeo – Bilbo, autobusez.
– Uztailak 31: Bilbo – Getxo, itsasontziz.

Esku-pilota ikastaroa Patri Espinar pilotariarekin batera. Eta zestapunta saioa Irantzu Idoiaga jokalariarekin eta Xanti Olabe kantxazainarekin. Uztailak 27, Markina-Xemein.
Santimamiñe leizera bisita. Uztailak 28.
Soziolinguistika tailerra Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguezen eskutik. Uztailak 28, Gernika.
Gernikako Juntetxera bisita. Uztailak 29, Gernika.
Gaztelugatxe bisitatu eta bertan bazkaldu. Uztailak 29.
Athletic Club-eko jokalariekin solasaldia San Mames futbol zelaian. Uztailak 30, Bilbo.
Body Percussion Performancea. Uztailak 30, Bilbo.
Amaiera ekitaldia. Uztailak 31, Getxoko Musikebarri Aretoa.