Espedizioko lehen atseden eguna eduki dute gaur jzioquitarrek, oinezko kilometrorik gabea. Ez da, hargatik, egun motela izan. Goizean goiz utzi dute Vianan lotarako leku gisa izan duten frontoia, eta autobusez mugitu dira Donemiliaga Kukulara. Bertako Yuso monastegia bisitatzeak EuskarAbenturaren leloa eta jzioquitarren beraien izenaren zentzua eta zergatia ulertzeko balio izan die. Monastegi horretan baitaukate gordeta euskarazko esaldi idatzi zaharrenak jasotzen dituen eskuizkribuaren erreplika. Esaldiok glosak dira (Donemiliagako Glosak), Aemilianensis 60 latinezko kodexaren bazterretan X. mendearen bukaeran edo XI. mendearen hasieran euskaraz eskuz idatzitako oharrak dira: “Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu”.
Yusotik aterata, berriz ere autobusez, Araba aldera egin dute, Gesaltzara. Gatzagak bisitatu ostean, herriko igerilekuan eman dituzte arratsaldeko azken orduak eta, eguna borobiltzeko, iluntzean, bertako belardian etzanda, gora begira, astronomia tailerra egin dute. Gaua izar azpian eman dute (vivac).

  • Egilea: Mirian Alonso