Maddi Sarasua: “Tradizioak eta transgresioak egiten dute talka, feminismoak eta euskal kulturak bat egiten duten unean”

Sorry, this entry is only available in Basque. For the sake of viewer convenience, the content is shown below in the alternative language. You may click the link to switch the active language.

Parekidetasunaren aldeko aldarri feministek EuskarAbentura sustengatu eta proiektuaren norabidea markatzen dute, zeharlerroa dira. Hala eta guztiz ere, uztailaren 23an, Donostian, feminismoa bera izango dugu hizpide eta lanketagai.

Horretarako, jzioquitarrak edo espedizio-kideak bost multzotan banatu eta talde bakoitza auzi baten inguruan ariko da eztabaidan. Saioaren amaieran, ondorio garrantzitsuenak partekatuko dituzte gainontzeko guztiekin.

Gidari modura honakoak izango dituzte:
– Lorea Agirre, feminismoa eta euskaltzaletasunaz aritzeko.
– Maddi Sarasua, feminismoa eta euskal kultura jorratzeko.
– Isortze Formoso (Barruak proiektua), autodefentsa feministan sakontzeko.
– Juanma Rodriguez (Zipriztintzen taldea), gizonen desahalduntzeaz jarduteko.
– Jaizkibel konpainiako ordezkari bat alardeen auzia gertuagotik ezagutzeko.

Maddi Sarasua (Itsasu, 1995) bertsolari lapurtarra arduratuko da, beraz, gizon zein emakumeek euskal kulturaren baitan duten lekuaren eta rolaren inguruko hausnarketa piztu eta bideratzeaz. 

Zein dira feminismoaren eta euskal kulturaren arteko frikziogune garrantzitsuenak?
Hainbat dira. Esate baterako, kultura diziplina desberdinen gorpuzte publikoa eta pribatua da gai interesgarri bat, eta honi loturik, emakumetasunaren eta gizontasunaren eraikuntza pribatu eta publikoaren arteko aldea. Tradizioak eta transgresioak egiten dute talka, feminismoak eta euskal kulturak bat egiten duten unean. Hegemonikoa eta naturala denaz hausnartzera eramaten gaitu honek eta naturala izan ez denak legitimotasunera iristeko egin behar duen bidea ikustera. Feminismoa euskal kulturan sartu denetik, aukera berdintasuna eta diskriminazio positiboa darabilzkigu ahoz aho, baina politikoki zuzena denaren eta errotutako pentsamenduen arteko aldeaz hitz egin beharko genuke. Besteak beste, oinarri materialez, sinismenez, sentipenez, umoreaz eta gorputzez hausnartzera eramaten gaitu euskal kultura feminismotik lantzeak.

Eta, horri guztiari dagokionez, zein dira 16-17 urteko euskal gazteen artean sustraitutako usteak, ideiak eta aurrejuzkuak?
Azken mendeetako euskal kultura diziplina publikoen eraikuntza maskulinoa izan denaren ideia ez zaie arrotz eginen. Hala ere, emakumea euskal kulturan sartzen ikusi dutenez eta, hamarkadaz hamarkada, hainbat kultura diziplinatan emakumeen presentzia geroz eta handiagoaren lekuko izan direnez, gai honen ebazpena gertu ikus dezakete, eta horrek gaur egungo gatazken gutxiespena ekar lezake. Uste dut bai kulturaren eraikuntzaren konplexutasunaz eta baita feminismoak euskal kulturan markatzen dizkigun norabideez ere hausnartzeak dagoeneko badauzkaten ideiak sakontzea ahalbidetuko diela.

Norabide horretan, ze mezu nagusi ekarriko duzu zuk EuskarAbenturako saiora?
Kulturaren eraikuntzaz hausnartu nahiko nuke haiekin, baita hegemonikoa den kulturaz ere. Euskal kulturaren bilakaeraz jardungo dugu, garai bateko euskal komunitate trinko eta nekazal mundukotik hasi, borroka komunitate baten adierazpide izatetik pasa eta gaur egungo kulturak izan dezakeen joera intimistaraino. Ondotik, emakumetasunaren eta gizontasunaren eraikuntza sozialaz ariko gara, gizonek osaturiko kultura diziplina publikoetan emakumeen inkorporazio prozesua nolakoa izan den ulertu ahal izateko. Azkenik, elkarrekin elikatuko dugun gogoetagai nagusia bat planteatu nahi dut: zer nolako kultura nahi dugun eta kultura hori nola eraikiko dugun.

Ze aldaketa nagusi erangin beharko luke ‘feminismoa eta euskal kultura’ saio honek gazteen pentsakeran eta begiradan?
Alde batetik, kultura gizatalde baten mundu ikuskera eta bizi forma baten baitan ulertzera eramanen ditu. Besteak beste, gaur egungo formazio sozial kapitalistak bultzatutako indibidualismoak, egoak, norgehiagokak eta merkatuak euskal kulturan daukaten eraginaz jabetuko dira. Bestetik, emakumetasunaren eraikuntza sozialak kultura diziplina publikoen ezaugarriekin egiten duen talkaz jardungo dugu, eta biak ala biak aldatu beharraz, gizonen lanketarekin batera. Azkenik eta bereziki, eraiki nahi dugun kultura birpentsatzeko oinarriak eskaintzen saiatuko naiz.

Nola planteatuko duzu dinamika?
Galderen bidez hausnarketak bultzatzea izanen da ene asmoa, elkarrekin gogoeta egiteko oinarriak eskaintzeaz gain. Adibide hurbilekin azalduko dira ideiak, eta irakurgai interesgarri batzuk jarriko ditut gehiago sakondu nahiko lukeenaren eskura.

Eta zuk? Zer ikas dezakezu gazte hauengandik? Edo, ze irakaspen atera dezakezu EuskarAbenturatik?
Izugarrizko gogoa daukat beraien ideietatik aberastu eta gai interesgarri honetaz elkarrekin hausnartzeko. Ekarpen handia eginen dit, dudarik ez.

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *