Herenegun, uztailaren 4an, sartu zen EuskarAbentura Nafarroara, oinez 46 kilometro egin ostean. Azken orduko plan aldaketa dela eta, eguna Donibane Garazin eman eta arratsaldean autobusez heldu zen Auritzera. Bertan Asisko Urmeneta eta sormen proiektuan bidaide izango dituzten sortzaileak ezagutzeko parada izan zuten gazteek. Bi atseden egunen ostean berrindartuta, gaur bideari berrekingo diote; Zubiri dute helmuga. Etzi Iruñeara helduko dira, San Fermin egunean.

Hilaren hasieran Michele Etchebest Mauleko auzapeza agurtuta abiatu zen espedizioa. Pagola ühaitza (ibaia) zeharkatuta Behe Nafarroara sartu zen, Jutsira hilaren 2an helduz eta 3an Donibane Garazira, azken honetara Done Jakue bidearen lehenengo kilometroak egin ostean. Garazin Euskal Laborarien sindikatuko gazteekin esperientziak partekatzeko aukera izan zuten Euskarabenturako gazteek. Ostean Alphonse Iriart auzapezak harrera egin zion taldeari. 36 dutxa izango zituztela iragartzean gazteek txalo zaparrada eskaini zioten. Iluntzean, Xan Airek, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioko kideak, eta Garaziko Gaztetxeko hiru gaztek Zuberoa eta Behe-Nafarroan egun euskarak bizi duen egoera berri eman zuten. Solasaldia aberasgarria bezain hunkigarria izan zen: Ipar Euskal Herriko gazte euskaldunen eguneroko errealitateak interes handia piztu zuen Euskarabenturako gazteen artean “eta zuek zer ordutan afaltzen duzue?… nola deitzen diozue selektibitateari Iparralden? baxoa?…zer egiten duzu zehazki Libertimendua inauterietan?…”

Uztailaren 4an espedizioko etapa gogorrenetariko bat zuten aurretik baina iragarritako alarma laranja dela eta antolakuntzak autobusak alokatzea erabaki zuen, etapa oinez egiteak suposa zezakeen arriskua saihesteko. Batzuk pozez hartu zuten berria, besteek ez hainbeste: “azkenean etapa oinez ez egiteak pena eman dit, etapa polita zen” aitortu zuen Uharte Arakilgo Ametsek. “Orain arte ateratako babak sendatzeko tregua ona da” azpimarratu zuen Leire erizainak. Plan aldaketak Donibane Garaziko giroa eta bertako biztanleak ezagutzea ahalbidetu zuen. Eguna Behe-Nafarroako hiriburuko erdigunean eman zuten gazteek, truke-jolasarekin erromesen eta bestelakoen arreta bereganatuz. Besteak beste, muxika batekin hasi eta hainbat trukeren ostean garaztar baten euskalkia lortu zuen ‘Ukelele gorringoak’ taldeak. Poliki poliki talde bakoitza hasi da bere burua izendatzen: kakalardoak, yatarrak, apo armatuak, tximist, deep purple, pin pan pun… Dantzarako tartea ere izan zuten gazteek Garaziko zitadelan.

Bazkal ostean Ibañetako portutik gora-behera Orreaga atzean utzi eta Auritzera autobusez heldu ziren; kazkabarrak hartu zuen espedizioa. Auritzeko frontoia motxilaz bete eta gero, herriko Kultura Etxean Gartxot filmaz gozatu zuten abenturakideak. Hurrengo egunean filmaren egilearekin, Asisko Urmenetarekin, egongo zirela jakiteak ilusioa piztu zion bati baino gehiagori.

Aurreikusi gabeko atseden egunaren ostean berandu lokartu zen taldea. “Gaurkoan ez dugu kirolik egin eta oso aktibo nago” aitortzen zuen Asteasuko Iñakik. Hurrengo goizeko 06:00etako kanpaiek bat baino gehiago dantzan jarri zuten, frontoia elizaren ondoan egonda ozen entzun ziren eta. Gosaldu bitartean eguneko esaera zaharra aurkeztu zitzaien gazteei “dagoenean bon-bon, ez dagoenean hor konpon!”. Esaera gogoan Orreagara abiatu zen espedizioa Sorginaritzagako basoan barrena. Kolegiatara heltzean Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Auritzeko kultura zinegotziak harrera egin zieten.

Ostean Asisko Urmeneta komikilariarekin bisita ibiltaria egin zuten kolegiata, itzandegia eta Carlo Magnoren siloan zehar. Gure historiaren bertsio desberdinen inguruan hausnartzeko gonbitea luzatu zien Urmenetak. Adi-adi entzun zituzten bere esanak. Iruñako Maitek bere eskolara joateko gonbidapena egin zion eta guzti “oso garrantzitsua da bertsio ofizialetik haratagoko historia ere ezagutzea”.

Arratsaldean sormen proiektuko bidelagunak heldu ziren Auritzera: Ander Lipus, Odei Barroso, Peter eta Kattalin Ansorena, Myriam Perez eta Ximun Fusch. Tailerretan gozatzearekin batera apunteak hartu zituzten gazteek, ikasitakoa taldekideekin behar bezala partekatzeko. Besteak beste, Odei Barrosorekin EuskarAbenturaren rap-a sortu zuten “EuskarAbentura, EuskarAbentura, hona etorri gara ondo hasteko uda, EuskarAbentura, EuskarAbentura, eusakraz ari gara, asko eta gustura!”.

Sormen proiektuen saioa amaituta, herriko zaborra jasotzeko auzolanean aritu ziren hiru talde Auritzeko ibaian. Espedizioan zehar zaborraren kudeaketa gai garrantzitsua izaten ari da: egunero taldeak zenbat zabor sortzen duen neurtzen ari baita. Otorduko, batez beste, 18 kilo zabor sortzen ditu espedizioak, hau da, pertsonako 130 gramo.

Gaur taldeak Zubiri izango du helmuga, etzi Iruñara heltzeko, San Fermin egunean. Gora San Fermin!