Astebete barru, uztailaren 1ean, EuskarAbentura espedizioa osatuko duten 140 lagunak – 16-17 urte bitarteko 110 gazte eta 30 helduz osatutako lan-taldea – Maule-Lextarren batuko dira abenturari hasiera emateko. Done Jakue bide desberdinak jarraituz Euskal Herria zeharkatuko dute, hiriburu guztiak eta UNESKOk izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitatuz. Getxo izango dute helmuga, uztailaren 31n. 483 kilometro oinez eta orotara 783 km, dozenaka bidelagun, milaka esperientzia eta, batez ere, izugarrizko ilusioa dituzte aurretik.

EuskarAbentura espedizioa gidatuko duen lan-taldea – antolakuntzako kideak, 12 xerpa (hezitzaile), medikua, erizaina, gidariak, argazkilaria eta kazetariak – Barriako aterpean eman du igarotako asteburua antolakuntza lanetan. Askok bat egin dute esatean 16-17 urte zituztenean “pentsatu gabe” hartuko luketela parte horrelako esperientzia batean. Halere, adina ez dute oztopo izan langile moduan batzeko, eta pozarren daude. Lan-taldea osatzeko bigarren mediku batentzako lekua dago oraindik, beraz interesa duenak antolakuntzarekin harremanetan jarri beharko da.

Igandean, uztailak 1, Euskal Herriko eta diasporako hamaika txokotako 16-17 urte bitarteko 110 gazte batuko dira taldera. Gazteen gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorriko da (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorriko da eta diasporatik bi; bat Washingtondik eta bestea Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil. Parte hartzeko proiektu bat egin behar izan zuten, eta lan onenen egileek dohainik hartuko dute parte espedizioan.

Hilaren lehenengoan Maulen elkartu eta hurrengo egunean, uztailak 2, abiatuko da espedizioa. Hilabeteko ibilbidearen ostean Getxon amaituko da hilaren 31n. Etapa bakoitzaren amaieran eta atseden egunetan askotariko ekintzak egingo dira. Era honetan partaideek gure geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistikoan sakontzeko aukera paregabea izango dute. Besteak beste UNESKOk izendatutako Gizateriaren Ondareak ezagutuko dira: Ekainberri eta Santimamiñeko kobazuloak, Bizkaia zubia, Donemiliaga Kukulako Suso eta Yusoko monastegiak eta Done Jakue bidea bera. Hauez gain, bestelako toki esanguratsuak ere bisitatuko dira: Orreagako Kolegiata, Eunate, Añanako Gatz Harana, Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal kostaldeko Geoparkea

Ondare immateriala ez da faltako eta horretarako arlo desberdinetako dozenaka lagun abenturara batuko dira. Esaterako, bidean zehar sormen proiektu bat lantzeko proposatuko zaie gazteei eta horretan laguntzeko Ander Lipusek ahots-adierazpen lantegia emango du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok hitza-literatur sorkuntza, Ximun Fusch-ek eszenografia, Kattalin eta Peter Ansorenak inprobisazioa eta Myriam Perezek gorputz-adierazpena.

Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko desberdinak aurkezteko Xan Airek hitzaldia emango du Behe Nafarroan, Koldo Colomok Nafarroan, Beñat Garaiok eta Ane Pedruzok Araban, Kike Amonarrizek Gipuzkoan, Jone Goirigolzarrik eta Txerra Rodriguezek Bizkaian eta Eneko Gorrik Lapurdin.

Asisko Urmeneta, Patri Espinar, Aroa Arrizubieta, Manu Bendala, Auritzeko bertso- eskolako lagunak, Mattin Zeberio… esperientzia aberastuko dutenen zerrenda luzea da.

EuskarAbentura izen bereko irabazi asmorik gabeko elkarteak sortutako ekimena da. Euskal Herriko txoko desberdinetako 10 gaztek osatzen dute elkartea eta ia hiru urte eman dituzte egitasmoari forma ematen, borondatez.

Espedizioa aurrera ateratzeko erakunde desberdinen laguntza ezinbestekoa izan da: Akitania-Euskadi-Nafarroa, Euroeskualdea, BBK, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Getxoko, Donostiko, Bilboko eta Gasteizko Udalak, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia, Eusko Ikaskuntza, Jaso Fundazioa… besteak beste.

Euskarabentura Elkarteak abentura jarraitzeko eta elkarrekin gozatzeko gonbidapena luzatu nahi du. Informazio gaurkotuena sarean egongo da eskura: euskarabentura.eus webgunean eta Facebook, Twitter eta Instagram-en @euskarabentura profilak jarraituz.

Igaran neskenegünean Jondane Johane süak eskual herriko bazter güziak argitu zütüen ber gisalat, dagün igantean Maule-Lextarreko bazterrek argitüren düe Eskuarabentura espedizionea. Bagoatza aitzina!