Bidean ezagutuko duten bigarren hiriburura iritsi dira EuskarAbentura 2022 espedizioko kideak! Duzunaritzetik abiatu eta Donibane Garazira heldu da gaur taldea, Nafarroa Behereko hiriburura.

Aurreko egunekoa baino askoz xamurragoa izan da etapa (laugarrena), 10 kilometro eskas besterik ez baitira izan, eta ibilbide laua. Donibane Garaziko herrigunean sartzea bikaina izan da gainera! Kalejiran eta triki-doinuz ibili dira jzioquitarrak Nafarroa Behereko hiriburuko karrika estuetan barrena bazter oro alaitzen, erromes eta bisitari atzerritarren harridurarako.

Hain justu alde zaharreko kale horietan gora eta behera aritu dira euskarabenturazaleak argazki-gynkana egiten. Xerpa-taldeak zehaztutako irudiak lortu behar izan dituzte gazteek; aitzakia bat besterik ez zen. Helburua: Garaziko jendearekin euskarazko hartuemana eragitea eta bideratzea. Bizilagunekin, dendariekin eta bisitariekin hitz egitera animatu dituzte, lehen hitza euskaraz egitera, jendearen erantzunetatik abiatuta hausnarketa egiteko: zer nolako giroa arnasten du euskarak Garazin? Eta, bereziki, Garaziko karrika turistikoenean?

Gero, azokako aterpea probestu du taldeak eguerdiko otordua egiteko. Eta, bazkalostean, bisita oso berezia jaso dute jzioquitarrek. Aurreko edizioetan parte hartu izan duten gazte lapurtar, behe-nafartar eta zuberotarrak hurbildu baitira Garaziko azokako aterpera. Ipar Euskal Herrian euskaraz bizitzea zer nolako erronka den azaldu diete aurtengo espediziokideei.

Gaua Donibane Garazin igaroko dute 128 gazteek eta 32 lagunek osaturiko familia urdinak (lantaldea). Biharkoa ere egun handia izango denaren irudipenarekin lokartuko dira gaur, Orreaga baitugu zain!

 

Argazkiak: Andrea Martinez